Lekeitioko Eskola Kirola (LEK), bigarren pausoa emateko prest
LEK herriko hezkuntza zentroak, udal kirol zerbitzuak eta kirol klubak barne hartzen dituen elkartea da. Iaz jarri zuten martxan, eta 2022/2023 ikasturterako hobekuntzekin datoz. “Helburua da txikienek, jarduera fisikoa eta kirol munduan lehenengo pausuak emateko ustezko modu egokiena, integralena eta hezitzaileena izatea. Horretarako, Lekeitio herriko erakunde, ikastetxe eta kirol zein kultura taldeen elkarlana bilatuko da”, azaldu du Aitor Txopitea koordinatzaileak. Aurten oraindik berritasuna dena epe ertainean egonkortzea nahi dute.
Berez 2019an hasi behar zenari ekin zioten iaz, baina pandemia guztiz ahaztu gabe. Ikasturte hasieran batez ere, muga asko izan zituzten jarduera aurrera eramateko osasun arauengatik, musukoak edo multzoen osaketa kopuru aldetik, esate baterako. Duela hamabi urte hasi ziren Lekeitioko eragile desberdinak kirol eskaintza bateratu baten alde lan egiten. “Hain herri txikian kirol eskaintza handia dago txikientzako”. Bakoitzak bere aldetik jotzen zuen, eta horrek umeak banatzen zituen, ez zegoen inolako koordinaziorik.