Lekeitioko eskola-kirola lehen hezkuntzako 1-2-3-4 mailetako ikasleentzat, herriko eragileen elkarlanarekin osatutako kirol hastapen proiektua da. Egitasmo honekin, herriko txikienek, jarduera fisikoa eta kirol munduan lehenengo pausuak emateko ustezko modu egokiena, integralena eta hezitzaileena eskaini nahi dugu.
Proiektu hau kudeatzeko eta behar duen jarraipena eramateko hiru egitura garrantzitsu osatu dira:
- Lekeitioko ikastetxeen eskola kirola eta hezkuntza LEK elkartea. Azkue Ikastola eta Herri Eskola batzen dituena.
- LEK udal batzordea. Udaleko ordezkariak, ikastetxeko kirol koordinatzaileak, udal kirol zerbitzuko teknikaria zein koordinatzailea eta herriko kirol taldeen ordezkariak batzen dituena.
- Lekeitioko kirol-elkarteen LEK batzordea. Programan parte hartzen duten kirol klubek, udal kirol-zerbitzuko teknikaria eta LEK koordinatzailea batzen dituena.
LEK Helburuak
Gaur egun jarduera fisikoak umearen garapenean duen garrantzia eta honek eragiten dizkion onurak soberan ezagunak eta kontrastatuak daude.
Kirolak onura asko izan ditzake eta sozialki gaur egun pisu handia daukan arren, baditu ezaugarri berezi batzuk txikienen artean eta ohitura moduan onenak izan ez daitezkeenak. Hauen artean, neurrigabeko lehiakortasuna, espezializazio goiztiarra, goi-errendimenduko kirola eredu izatea eta egoera sozial nahiz ekonomikoek mugatzea parte hartzeko aukerak.
Hori dela eta, hurrengo motatako jarduerak bultzatuko dira:
- Kalitatezko hezkuntza ziurtatzen dutenak.
- Askotariko kirol jarduerak ikasteko eta praktikatzeko aukera ematen dutenak.
- Eskola-kirolaren legediarekin eta umea babesten duten protokoloekin bat datozenak.
Helburu nagusia.
Txikienek, jarduera fisikoa eta kirol munduan lehenengo pausuak emateko ustezko modu egokiena, integralena eta hezitzaileena izatea. Horretarako, Lekeitio herriko erakunde, ikastetxe eta kirol zein kultura taldeen elkarlana bilatuko da.
Berariazko helburuak.
- Lekeitioko LH 1-2-3-4 mailetako ume guztiak eskaintza bateratu bat izan eta elkarrekin aritzea.
- Herriko eta eragile ezberdinen proiektu bateragarria izatea, elkarlanean aritzea eta hau sustatzea.
- Lekeitioko eta hurbileko inguruek eskaintzen dituzten aukera bikainak ezagutu eta aprobetxatzea.
- Umeen gaitasunak (motorra, kognitiboa, soziala eta afektiboa) modu hezitzaile eta dibertigarri batean garatzea.
- Gaitasun hauek askotariko jarduera fisiko zein kirolekin lantzea.
- Asteburuko lehiaketa eredutik aldendu eta jolas-kirol topaketen apustua egin.
- Kirol ohitura osasuntsuak sortzea eta bermatzea gazteen artean epe luzera.